Uharte Izotz Taldeko estatutuak

2018ko martxoaren 25ean egindako
Batzar Nagusi Berezian onetsiak

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Uharte Izotz Taldea izenarekin irabazi asmorik gabeko kirol talde bat eratzen da. Talde hori arautuko dute estatutu hauetan bilduriko xedapenek, aplikatzekoak diren legeek zein xedapen orokorrek eta, bereziki, Nafarroako Kirol Erakundeak eta Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuak.

2. artikulua.- Kirol talde honen helburuak dira jarduera fisikoa eta kirol-jarduera sustatu eta egitea, bai eta bazkideen zein taldeak antolatzen dituen jardueretan parte hartzen dutenen giza- eta kirol-heziketa ere.

3. artikulua.- Helburuak betetzeko asmoz, kirol-jarduerak antolatuko ditu, dedikazio berezia eskainiz izotzeko kirolei, eta Nafarroako Neguko Kirolen Federazioari eta Izotz Kiroletako Espainiako Federazioari atxikirik geldituko da, izotz kiroletako modalitateetan.

Batzar Nagusiak horrela erabakitzen badu, kirol taldeak beste kirol modalitate batzuk egiten ahalko ditu eta baita dagozkien federazioetan izena eman ere, aipatu erabakia Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraziz.

Batzar Nagusiak horrela erabakitzen badu, kirol taldeak beste kirol modalitate batzuk egiten ahalko ditu eta baita dagozkien federazioetan izena eman ere, aipatu erabakia Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraziz.

4. artikulua.- Taldearen helbide soziala Uharten dago, Itaroa kalean 5, 31620. Telefonoa 948337651.

5. artikulua.- Taldeak iraupen mugagabea izanen du.

6. artikulua.- Estatutu hauek interpretatzeko organo eskuduna Zuzendaritza Batzordea izanen da, kirol-entitateen arloko indarreko araudiari men. Estatutu hauek garatu eta beteko dira Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak –bakoitzak bere eskumenen barrenean– baliozkotasunez harturiko erabakien bidez.

Batzar Nagusiak barne araubideari buruzko erregelamendu bat onesten ahalko du halaber, eta horren manuek ezinen dute estatutu hauen aurka jo.

II. TITULUA
BAZKIDEAK

I. kapitulula
Bazkideak onartzea

7. artikulua.- Taldearen bazkideak izanen dira:

1. Uharteko Izotz Jauregiaren ikastaroetan izena eman eta taldearen kuota ordaindu dutenak. Adingabeak izatekotan, horren legezko ordezkariak izanen dira bazkideak.

2. Bazkideak izanen dira ere, adina edozein izanda, Zuzendaritza Batzordeak onartzen dituenak. Horrela onartuak direnek Zuzendaritza Batzordeak finkaturiko urteko kuota sinboliko bat ordainduko dute.

8. artikulua.- Bazkideen kopurua mugagabea da. Hala ere, Zuzendaritza Batzordeak bertan behera uzten ahalko du bazkide berriak onartzea, instalazioen edukierak hala exijituta edo bestelako arrazoi garrantzitsuak direla medio. Zuzendaritza Batzordearen erabaki hau Batzar Nagusiak berretsi beharko du eginen duen lehenbiziko bileran.

9. artikulua.- Bazkideak izan nahi baina Uharte Izotz Jauregiaren ikastaroetan izena eman ez duten pertsonek eskabide bat igorri beharko diote Zuzendaritza Batzordeari. Behin Zuzendaritza Batzordeak eskabidea jasota, taldearen iragarki-oholean paratuko da hamabost egun naturalez. Aipatu epea igarotzen bada gainontzeko bazkideek inolako eragozpenik aurkeztu gabe, eskatzailea onartuta izanen da.

Horren onartzearen aurkako eragozpenik balego, Zuzendaritza Batzordeak erabakiko du komeni joko duen gisan, eta erabaki horren aurka ezin izanen da errekurtsorik aurkeztu.

10. artikulua.- Bazkideek edozein unean eskatzen ahalko dute taldean baja ematea, baina aldez aurretik taldearekin dituzten balizko obligazioak bete beharko dituzte.

Zuzendaritza Batzordeak bazkideak kanporatzen ahalko ditu honako kasu hauetan: taldeko bazkide izateko ez-duinak diren egintzak egiteagatik, kuotak behin eta berriz ez ordaintzeagatik eta, orokorrean, arau-hauste oso astuntzat jotzen den edozein egintza egiteagatik. Kanporatu aitzin espediente bat ireki beharko da eta interesdunari entzunaldia eman.

II. kapitulua
Bazkideen eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua.- Bazkide guztiak tratu bera jasoko dute eta ezin dezakete inolako diskriminaziorik jaso bere sexu, erlijio, ideologia edo bestelako arrazoi pertsonal edo sozialarengatik.

12. artikulua.- Bazkideen eskubideak dira:

a. Bizitza sozialean parte hartzea, norberaren iritziak adierazteko modu gisa.

b. Kirol taldearen jardueretan eta taldearen gobernu-eta ordezkaritza-organoetan parte hartzea, bai eta botoa ematea eta Batzar Nagusira joatea, estatutuekin bat.

c. Kirol taldean askatasunez baja ematea.

d. Elkartearen organoetako osaeraz informazioa jasotzea.

e. Jarduerak nola joan diren, akten liburuak, estatutuak eta kontuen egoea ezagutzea.

f. Diziplina-neurriak hartu baino lehen entzuna izatea eta neurri horiek hartzea eragin duten egintzez informazioa jasotzea. Hala bada, zehapena ezarriko duen erabakiak arrazoitua izan beharko du. Hori guztia diziplina barne araubidearekin bat.

g. Elkartearen organoek harturiko erabakiak aurkaratzea, uste bada erabaki horiek legearen edo estatutuen aurkakoak direla.

h. Estatutu hauen ale bat edukitzea.

i. Talde barnean bere iritziak askatasunez adieraztea.

j. Taldeko instalazioak erabili eta gozatzea.

k. Zuzendaritza Batzordean eta Batzar Nagusietan iradokizunak eta kexak adieraztea.

l. Berrogei eguneko epean Estatutuen aurkako jokabideak aurkaratzea, Prozedura Zibilaren Legean aurreikusita dagoen eran.

m. Exijitzea taldearen jokabidea bat etor dadin apirilaren 14ko 80/2003 Dekretuan eta estatutu hauetan xedatutakoarekin.

13. artikulua.- Gobernu- eta ordezkaritza-organoetarako hautesle zein hautatua izan ahal izateko, bazkideak adinez nagusiak izan behar dira eta jarduteko gaitasun osoa eduki behar dute. Bazkide adingabeek entzunak izateko eskubidea dute ordezkaritza-, gobernu- eta administrazio-organoek eginen dituzten bileretan.

14. artikulua.- Boto-eskubidea duten bazkideak taldeko zuzendaritza- eta ordezkaritza-organoen bileretara joaten ahal dira. Horrez gain, haien eskubidea da:

a. Batzar Nagusietan bere ordezkaritza beste bazkide bati idatziz eskuordetzea.

b. Taldeko zuzendaritza-organoak hautatu eta kargutik kentzea, estatutu hauetan ezarritako eran.

c. Taldeko kontuen egoera, dirusarrerak eta gastuak, aztertzea.

d. Zuzendaritza Batzordearen kudeaketaz eta taldearen bilakaeraz informazioa jasotzea.

e. Taldearen dokumentazio osoa aztertzea.

15. artikulua.- Bazkide guztien betebeharrak dira, haien bazkide-izaera edozein izanda ere:

a. Kirol taldearen helburuekin bat etortzea eta helburu horiek lortze aldera laguntzea.

b. Estatutuen arabera ordaindu beharreko kuota, derramak eta bestelako ekarpenak ordaintzea.

c. Estatutu- eta erregelamendu-xedapenen ondoriozko betebeharrak betetzea.

d. Kirol taldearen gobernu- eta ordezkaritza-organoek harturiko baliozko erabakiei men egitea eta erabaki horiek betetzea.

e. Taldearen instalazioak eta ondasunak arduraz erabili eta gozatzea, ezarritako gizarte-araudiarekin bat, bai eta laguntzea ere taldearen barnean garaturiko jarduerak sostengatu eta zabaltzeko.

f. Bai norbere buruari nola taldearen gainontzeko bazkideei eta langileei ere zor zaizkien portaera- eta errespetu-arauak egoki betetzea beti.

g. Norberaren datu pertsonaletan gertaturiko edozein aldaketa taldeari jakinaraztea.

III. TITULUA
TALDEAREN ADMINISTRAZIOA ETA GOBERNUA

16. artikulua.- Lehendakaria, Zuzendaritza Batzordea eta Batzar Nagusia, nork bere eskumenen esparruan, arduratuko dira taldearen gobernuaz eta administrazioaz.

17. artikulua.- Idazkariek kide anitzeko organoen bilera bakoitzaren akta eginen dute, honako informazio hau jasoz: nortzuk joan diren, jorratu diren gaiak, botazioen emaitzak eta, kasua bada, harturiko erabakien aurkako boto partikularrak, bai eta interesekoa jotzen den bestelako inguruabar. Harturiko erabakien aurkako botoen eta arrazoitutako abstentzioen emaileak salbuetsita geratuko dira talde honen kide anitzeko organoek harturiko erabakiengatik sor litezkeen erantzukizunetatik.

I. kapitulua
Batzar Nagusia

18. artikulua.- Batzar Nagusia da taldearen organo subirano eta gorena, eta taldearen beste organoetako baten eskumenekoa ez den edozein erabaki onesten ahalko du. Botoa emateko eskubidea duten bazkide guztiek osatzen dute Batzar Nagusia, hurrengo artikuluan xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

19. artikulua.- Botoa emateko eskubidea duten bazkideen kopurua mila baino handiagoa bada, Batzar Nagusia mila bazkideko edo zatikiko ehun bazkidek osatuko dute, botoa emateko eskubidedun bazkideek hautatuak, bozketa unibertsal, libre, zuzeneko, berdin eta isilpekoaren bidez.

20. artikulua.- Aurreko artikuluaren kasuan Batzar Nagusia Zuzendaritza Batzordeko kideekin batera hautatuko da 4 urteko epe baterako. Bazkide-konpromisario izateko hautagaiak hautatze-eguna baino hamabost egun lehenago izan beharko dira aurkeztuak, haien idatzizko oniritzia jasoz.

21. artikulua.- Batzar Nagusiak ohikoak edo bereziak izaten ahalko dira. Lehendakariari dagokio Batzar Nagusia deitzea.

Batzar Nagusia deituko da gutxienez biltzeko eguna baino hamabost egun lehenago, eta deialdian honako informazio hau jasoko da gutxienez: bileraren tokia, data, ordua eta gai-zerrenda. Aurrekoa gorabehera, presako Batzar Nagusi Berezia deitzen ahalko da zazpi eguneko gutxieneko aurrerapenarekin, betiere presako arrazoiak argudiatuz.

22. artikulua.- Batzar Nagusia lehenbiziko deialdian behar bezala eratutzat jotzeko bazkideen heren bat egon beharko da, bertan izan nahiz ordezkatuak. Batzar Nagusia bigarren deialdian behar bezala eratutzat joko da bazkideen kopurua, bertan izan nahiz ordezkatuak, edozein izanda ere. Hala ere, Batzar Nagusia behar bezala eratuta geratuko da, deitzeko baldintza guztiak bete ez badira ere, bazkide guztiak bilduta aho batez horrela erabakitzen badute.

23. artikulua.- Ohiko Batzar Nagusia urtean behin bilduko da nahitaez, honako hau oneste aldera: jarduera-egitaraua, urteko aurrekontua, jardueren memoria, betetako aurrekontua eta aurreko urteko kontuak. Bilera horretan beste gai batzuk jorratzen ahalko dira ere, 26. eta 27. artikuluetan adierazitakoak ezik, zeren horiek bilera berezia behar baitute.

24. artikulua.- Batzar Nagusiaren erabakiak bertan izan nahiz ordezkatuak dauden bazkideen gehiengo soilaz hartuko dira.

25. artikulua.- Batzar Nagusia deitu beharko da honako erabaki hauetarako:

a. Estatutuak aldatzeko.

b. Dirua maileguan hartzeko.

c. Zorra edo ondasunaren gaineko kuota-partea ordezkatzen duten titulu transmitigarriak aldatzea.

d. Ondasun higiezinak zergapetzeko edo besterentzeko.

e. Taldea desegiteko.

f. Zentsura-mozio baten bidez Lehendakaria kargutik kentzeko.

26. artikulua.- Batzar Nagusi Berezia deituko da Lehendakariak egoki jotzen duenean edo boto eskubidea duten bazkideen ehuneko 10ak gutxienez hala eskatzen duenean. Azken kasu honetan eskabidea idatziz aurkeztu beharko da, eskatzaileen sinadura egiaztatuekin eta eztabaidatu eta onetsi nahi diren gaiekin. Eztabaidatu eta bozkatzeko proposaturiko gaiak gai-zerrendan sartu beharko dira nahitaez, eta Batzar Nagusia gehienez ere hilabeteko epean egin beharko da. Epe hori igarota, eskatzaileek deitzen ahalko dute Batzar Nagusia, portzentajeari buruz eta boto emateko bazkide eskubidedunen gutxieneko kopuruari buruz apartatu honetan aurreikusitako baldintza guztiak betez.

27. artikulua.- 1. Bertan izan nahiz ordezkatuak dauden bazkideen gehiengo osoz hartu beharko dira honako gai hauei buruzko erabakiak:

a. Estatutuak aldatzeko.

b. Kirol taldea desegiteko.

c. Ondasunak eskuratzeko, erabiltzeko edo besterentzeko.

d. Gobernu-organoen kideen ordainsariak onesteko.

e. Zentsura-mozioaren bidez Lehendakaria bere kargutik kentzeko.

f. Barne-erregimeneko araubidea onesteko.

g. Dirua maileguan hartzeko.

2.- Gainontzeko gaiak bertan izan nahiz ordezkatuak dauden bazkideen gehiengo soilaz hartuko dira.

II. kapitulua
Zuzendaritza Batzordea

28. artikulua.- Zuzendaritza Batzordea taldearen ekonomia- eta administrazio-kudeaketaz arduratzen den kide anitzeko organoa da. Hona Zuzendaritza Batzordearen osaera: Lehendakaria, Lehendakariordea, Idazkari Orokorra, Diruzaina eta gehienez hamasei batzordekide.

29. artikulua.- 1. Zuzendaritza Batzordeko karguak 4 urteko epe baterako hautatzen dira.

2.- Batzar Nagusiak hautatuko du Zuzendaritza Batzordea.

30. artikulua.- Zuzendaritza Batzordearen eskumenak dira taldearen kudeaketarekin eta administrazioarekin zerikusia dutenak. Hona hemen horietariko batzuk:

a. Batzar Nagusian onetsitakoa betetzea.

b. Bazkideak onetsi, zehatu eta kentzea, betiere estatutu hauetan xedatutakoarekin bat.

c. Batzar Nagusiak deitzea, bai ohikoak zein bereziak.

d. Batzar Nagusiak horretarako eskuordetuta, arau orokorrak prestatzea. Arau orokor horiek Batzar Nagusiak onetsi beharko ditu bere lehenbiziko bileran.

e. Beharrezko eskritura publiko eta kontratu pribatuak egin eta aitortzea, lortze aldera hauek ematen dituzten ahalmenak, ezarri nahi diren hitzarmen, klausula eta baldintzekin; bai eta aseguru-polizak sinatzea ere.

f. Sortu litezkeen batzordeak zuzentzeko pertsonak izendatzea, bai eta jarduera sozialak sortu eta antolatzea ere.

g. Taldearen instalazioak sortu, hobetu eta kontserbatzeko egoki jotzen dituen proiektuak eta obrako lanak enkargatzea.

h. Inbentario eta ekitaldiko balantzea egitea, bai eta taldearen urteko memoria ere; eta, orokorrean, beharrezko kultura-, kirol-, ekonomia- eta administrazio-neurri guztiak aplikatzea taldearen atal guztiak sustatu eta garatze aldera.

i. Zor-aitorpenak eta -obligazioak egitea.

j. Baimenduriko erakunde ofizialei, pribatuei eta pertsonei dirulaguntzak eskatzea.

k. Taldearekin eta horren helburuekin zerikusia duten gainontzekoak eta taldearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren gainontzeko guztiak.

31. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko bilerak deitzea Lehendakariari dagokio, eta batzordeko kideei jakinarazi beharko zaie gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago, salbu eta premiazko kasuetan. Jakinarazpena ahozkoa edo idatzikoa izanen da, eta horretan agertu beharko dira gutxienez bileraren lekua, data eta ordua, bai eta gai-zerrenda eta erabakiak hartzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia ere.

32. artikulua.- Zuzendaritza Batzordea behar bezala eratutzat joko da lehenbiziko deialdian gutxienez kide guztien erdia gehi bat bilduta daudenean; bigarren deialdian behar bezala eratutzat joko da Lehendakaria, edo horren ordezkoa, eta gutxienez beste kide bat biltzen direnean. Hala ere, Zuzendaritza Batzordea deitze aldera ezarritako baldintza guztiak betetzen ez badira ere, behar bezala eratutzat joko da bazkide guztiak biltzen badira eta aho batez horrela erabakitzen badute.

33. artikulua.- Erabakiak hartuko dira dauden batzordekideen gehiengo soilaz. Bozketa izatekotan, isilpekoa izanen da. Hala eta guztiz ere, jorraturiko gaiaren izaera eta inguruabarrak kontuan izanda, Lehendakariak erabakitzen ahalko du bozketa eskua jasota edo ahoz egitea.

34. artikulua.- 1. Batzar Nagusi Berezi batean onetsitako zentsura-mozio baten bidez bere kargutik kentzen ahalko da Zuzendaritza Batzorde osoa, horren kideetako bat edo batzuk. Zentsura-mozioa bazkideen ehuneko 10ak sinatuta egon beharko da. Batzar Nagusian –bertan izan nahiz ordezkatuak– dauden bazkideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da zentsura-mozioa onesteko, baldin eta aldeko boto horiek gutxienez Batzar Nagusiaren kide guztien gehiengo osoa suposatzen badute.

2.- Zentsura-mozioan proposatu beharko dira zuzendaritza batzordeko kide berriak, bere kargutik kendutakoak ordezte aldera. Zuzendaritza Batzorde berriaren edo batzordekide berrien agintaldia bukatuko da kargugabeturiko batzordekideek edo Zuzendaritza Batzordeak bukatzen zuen unean.

3.- Zentsura-mozioa bazterturik suertatzen bada, sinatzaileek ezin izanen dute beste bat aurkeztu aurrekoa bozkatu zeneko hemezortzi hilabete pasa bitartean.

35. artikulua.- Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, Zuzendaritza Batzordeko kideetako bat edo batzuk bere(n) kargua uzten badu(te) zentsura-mozioa ez den arrazoi batengatik, dagokion hautagaitzan ondoren zeuden(ek) ordezkatuko du(te). Ordezkapena horrela egitea ezinezkoa bada, Zuzendaritza Batzordeak jarraitzen ahalko du bere funtzioetan horren kideen erdiak jarraitzen duen bitartean, Batzar Nagusiak bestelakorik erabakitzen ez badu.

III. kapitulua
Lehendakaria

36. artikulua.- Lehendakaria organo betearazlea da, kirol taldea ordezkatzen du, Batzar Nagusia deitzen eta zuzentzen du eta horren barnean onetsitako erabakiak betetzen ditu.

37. artikulua.- Lehendakaria 4 urtero hautatzen da boto eskubidea duten bazkideen bozketa unibertsal, libre, zuzeneko eta isilpekoaren bidez.

38. artikulua.- Lehendakariak ezin izanen du kargu bera izan taldean dagoen edozein kirol-modalitateko beste kirol talderen edo federazioren batean. Halaber, kirol-legedian aurreikusitako bateraezintasun arrazoiak aplikatuko zaizkio.

39. artikulua.- Honako hauek dira Lehendakariaren eskumenak:

a. Zuzendaritza Batzordea deitzea eta Batzar Nagusiaren buru izatea, batean zein bestean eztabaidak zuzenduz, bilerak bukatutzat emanez eta, berdinketa ematen denean, kalitatezko botoaren bidez erabakiz.

b. Zuzendaritza Batzordeari taldearen jardueren plana proposatzea, bere zereginak sustatuz eta zuzenduz.

c. Taldearen diru-funtsekin ordainketak egin daitezen baimentzea eta baita berak ere ordainketak egitea.

d. Kirol-legediak eta estatutu hauek ematen dioten bestelakoak.

40. artikulua.- Lehendakaria ordezkatuko du lehenbizi Lehendakariordeak edo, kasua bada, horretarako izendatua izan den Zuzendaritza Batzordeko kideak, eta horren ezean, Zuzendaritza Batzordeko kiderik adindunak. Lehendakaria ordezkatuta izanen da honako kasu hauetan: kargua bete gabe egotea, Lehendakaria ez-agertzea, gaixotasuna edo kargu-uztea zentsura-mozioa ez den bestelako arrazoiren bat dela medio.

41. artikulua.- Lehendakariak bere kargua utziko du honako arrazoi hauengatik:

a. Agintaldia bukatzeagatik.

b. Ezintasun fisiko edo mental nabariarengatik.

c. Karguarekin bateraezinak diren jarduerengatik.

d. Kargu-jardunean egindako delituen ondoriozko zigor penal irmoarengatik.

e. Zentsura-mozio batengatik.

f. Dimisioarengatik.

IV. kapitulua
Zuzendaritza Batzordeko gainontzeko kideak

42. artikulua.- Lehendakariordeak Lehendakaria ordezkatuko du ez-agertze kasuetan edo gaixorik dagoenean. Lehendakariaren kargua hutsik dagoenean, bera izanen da jarduneko lehendakaria. Zuzendaritza Batzordeak aurrez onartuta, Lehendakariak bereak diren zenbait eskumen uzten ahalko du Lehendakariordearen esku.

43. artikulua.- Honako hauek dira Idazkari Orokorraren eginbeharrak: taldean sartzeko eskabideak jaso eta izapidetzea, bazkideen fitxategia eta erregistro-liburuak eramatea, Lehendakariaren oniritziarekin taldearen organoen aktak egitea, taldearen akten liburuak bete eta gordetzea, egiaztagiriak jaulkitzea eta taldearen gobernu eta administraziorako beharrezkoak diren lanak zuzentzea. Halaber, arduratuko da kirol entitateen arloko indarreko xedapenak betetzen direla, eta taldearen dokumentazio ofiziala gordeko du. Horren ardura ere izanen da bermatzea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari igortzen zaizkiola Zuzendaritza Batzordearen inguruko izendapenak, komunikazioak, helbide-aldaketak, lokal sozial berrien irekiera, kirol-sail berrien sorrera, beste kirol federazioari atxikitzea, kontu-egoerak formalizatzea eta urteko aurrekontuaren onespena.

Idazkaria agertzen ez bada, kargua hutsik badago edo gaixotasunaren kasuan, Lehendakariak izendaturiko Zuzendaritza Batzordekide batek ordezkatuko du edo, horren ezean, batzordekiderik gazteenak.

44. artikulua.- Diruzainak taldeko diru-funtsak bildu eta zainduko ditu, kontabilitatea zuzenduko du, dirusarrerak kontabilizatuko ditu eta ekonomia alorreko eragiketa guztietan esku hartuko du. Taldearen diru-funtsekin ordainketak egiten ahalko ditu taldearen izenean, Lehendakariak bezala. Halaber, urteko dirusarreren eta gastuen aurrekontua prestatuko du, bai eta aurreko urteko kontuen egoera ere, zeina Zuzendaritza Batzordean aurkeztuko baita Batzar Nagusian onetsia izan dadin.

45. artikulua.- Lehendakariak kargua uzten badu, Zuzendaritza Batzordeak kudeaketa batzorde bihurtuko da edo gutxienez hiru bazkidek osaturiko kudeaketa batzorde bat izendatuko du. Gehienez ere hamabost laneguneko epean, kudeaketa batzordeak hauteskundeak deituko ditu lehendakari berri bat izendatzeko eta, kasua bada, zuzendaritza batzorde berri bat ere.

V. kapitulua
Hauteskunde-araubidea

46. artikulua.- Lehendakaria eta, kasua bada, Zuzendaritza Batzordeko kideak hautatzeko hauteskundeak deituko dira 37. eta 29. artikuluetan finkaturiko epeetan, hurrenez hurren.

47. artikulua.- Batzar Nagusiak izendatuko du pertsona bakarreko organo bat, hauteskunde-arduraduna izenekoa, edo kide anitzeko organo bat, hauteskunde-batzordea izenekoa, arduratuko dena hauteskunde-prozedura egokiaz, hauteskunde-erregelamendua eta -errolda egiteaz, boto-emate prozesua kontrolatzeaz eta botoak zenbatzeaz. Aurrekoa gorabehera, Batzar Nagusiak aukeratzen ahalko du kargu horiek ez izendatzea. Kasu horretan eskumen horiek kudeaketa batzordeari egokituko zaizkio.

48. artikulua.- Honako egintza hauek osatzen dute hauteskunde-prozesua:

Hauteskunde-erregelamendua egitea, hauteskunde-egutegia barne.

Hauteskunde-errolda egin eta argitaratzea.

Hautagaitzak onartu eta argitaratzea.

Botoa emateko eskubidea duten bazkideen bozketa.

Hautaturiko hautagaiak aldarrikatzea.

Aurkeztu litezkeen erreklamazioak eta eskaerak ebaztea, ezertan galarazi gabe jurisdikzio arruntean ere aurkeztu ahal izatea.

49. artikulua.- Hautagaitzak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da.

50. artikulua.- Hautagaitzak aurkezteko epea bukatuta, botoa emateko eskubidea duten bazkide guztiei jakinaraziko zaizkie.

51. artikulua.- Hauteskunde-mahai bat egon beharko da, pertsona bakarreko edo kide anitzeko organoa, bozketen prozesu egokiaz arduratuko dena, botoa eman nahi duten horiek horretarako eskubidea duten bazkideak direla konprobatuko duena eta botoen zenbaketa eginen duena. Hori guztia egoki egiten dela ikuskatuko dute aurkezturiko hautagaitzen ikuskatzaileek eta 47. artikuluan aipaturiko hauteskunde-arduradunak, hauteskunde-batzordeak edo batzorde kudeatzaileak.

52. artikulua.- Hautatu gisa aldarrikatuak izanen dira boto gehien lortu duen zerrendako kideak, eta lehendakari izendatuko da zerrenda horren buru dena.

53. artikulua.- Hautagaitza bakarra izatekotan, bozketarik gabe aldarrikatuko da.

54. artikulua.- Hautagaitza bakar bat ere aurkezten ez bada, Lehendakaria eta Zuzendaritza Batzordeko gainontzeko kideak botoa emateko eskubidea duten bazkideen arteko zozketa bidez hautatuko dira. Egokituriko kargua betetzea derrigorrezkoa izanen da.

55. artikulua.- Hauteskunde-batzordeak, hauteskunde-arduradunak edo batzorde kudeatzaileak ebatziko dituzte 48. artikuluan aipatzen diren kontuak, ezertan galarazi gabe a posteriori auzi bat aurkeztu ahal izatea, jurisdikzio zibilaren eskumenekoa izanen dena.

IV. TITULUA
DIZIPLINA-ERREGIMENA

56. artikulua.- Estatutuen, barne-erregimeneko araubidearen, kasua bada, eta gainontzeko araubidearen kontrako egintzak, egoki tipifikatuta badaude, egintzaren larritasunaren araberako zehapen batekin zigortzen ahalko dira. Inork ezin izanen du bitan zigortuta izan egintza berarengatik, zigortu duen entitateak edozein izanda ere.

57. artikulua.- Kirol-diziplina ahalmenaren aparteko arau-hausteak eta erantzukizunak Zuzenbide Komuneko eskumenekoak izanen dira.

58. artikulua.- Taldeko bazkideek, afiliatuek, kirolariek edo teknikoek egindako joko- edo lehiaketa-arauen aurkako arau-hausteak zigortzen ahalko dira taldeko araudi orokorraren eta gainontzeko kirol-araudiaren arabera. Artikulu honen ondorioetarako, joko- edo lehiaketa-arauen aurkako arau-haustetzat joko dira kirol-lehiaketa baten bitartean horren garapen egokia galarazten dituzten egintzak edo ez-egiteak, aldez aurretik arau batean tipifikaturik badaude. Joko- edo lehiaketa-arauen aurkako arau-haustetzat joko dira ere kirol harremanen garapena kaltetzen edo hondatzen dituzten tipifikaturiko egintzak edo ez-egiteak.

59. artikulua.- Kirol-diziplinaren arloan bete beharko dira Foru Komunitatean xedatutakoa eta, osagarri moduan, Estatuan xedatutakoa.

60. artikulua.- Arau-hausteak izanen dira arinak, astunak edo oso astunak, haien garrantzia, transzendentzia edo ondorioen arabera.

61. artikulua.- Arau-hauste arinak zigortuko dira ahozko kargu-hartzearekin, 30 egunetatik 90 egun bitarteko gizarte-eskubideen etetearekin edo epe berdinez taldeko instalazioak erabiltzearen debekuarekin.

62. artikulua.- Arau-hauste astunak zigortuko dira idatzizko kargu-hartzearekin, 90 egunetatik urtebete bitarteko gizarte-eskubideen etetearekin edo epe berdinez taldeko instalazioak erabiltzearen debekuarekin.

63. artikulua.- Arau-hauste oso astunak zigortzen ahalko dira urtebetetik hiru urtera bitarteko gizarte-eskubideen etetearekin edo bazkide izaera galtzearekin. Erabakitzen ahalko da ezin berriro taldeko bazkide izatea.

64. artikulua.- Arau-hausleak zigortzerakoan kontuan hartuko dira arau-haustearen larritasuna, erruduntasunaren gradua, nahikotasuna, egindakoaren ondorioa, behin baino gehiagotan egin izana eta arau-haustea larritzen edo leuntzen duten bestelako inguruabarrak.

65. artikulua.- Erruduntasunaren gradua eta arau-haustearen larritasuna gorabehera, arau-hausleak egindako kalte guztiak konpondu beharko ditu.

66. artikulua.- Arau-hausteen ondoriozko erantzukizuna iraungitzen da:

a. Zehapena betetzeagatik.

b. Arau-hausteen preskripzioagatik.

c. Zehapenen preskripzioagatik.

d. Akusatuaren heriotzagatik.

e. Zehapena kentzeagatik.

67. artikulua.- Arau-hauste arinak egintza egin eta 6 hilabetetara preskribatzen dira, astunak bi urteetara eta oso astunak hiru urteetara. Arau-hausteen preskripzio-epea hasiko da zenbatzen arau-haustea egin zen egunetik aitzinera. Preskripzioa eteten da prozeduraren hasiera erabakitzen den unean, interesdunari jakinaraziz. Erabaki horren ebazpena behar bezala erregistratu beharko da. Epea berriro hasiko da espedientea hilabete bat baino gehiago etena gelditzen bada.

68. artikulua.- Zehapenen preskripzio-epea hasiko da zenbatzen zehapenaren ebazpena irmotasuna hartu eta biharamunean. Zehapen arinak urtebetera preskribatzen dira, astunak bi urteetara eta oso astunak hiru urteetara.

69. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeak erabakia hartu beharko du arau-hauste arintzat jotzen ahal den egintza bat ezagutu eta berehala, interesdunari aditu ondoren.

70. artikulua.- Egintza arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen ahal denean, Zuzendaritza Batzordeak erabakiko du espediente bat irekitzea egintzak eta erantzukizunak argitze aldera. Adinez nagusiko bazkide batek eramanen du instrukzioa. Instrukzioa bukatuta, Zuzendaritza Batzordeak dagokion erabakia hartuko du, interesduna adituta, espedientetik ondorioztatzen denarekin bat. Erabaki hori idatziz jakinaraziko zaio interesdunari.

71. artikulua.- Batzar Nagusian helegite bat aurkezten ahalko da Zuzendaritza Batzordeak jarritako zehapenen aurka. Batzar Nagusiak helegiteari buruzko erabakia hartu beharko du eginen duen lehenbiziko bileran, ohikoa edo berezia bada ere.

V. TITULUA
DOKUMENTAZIO-ERREGIMENA

72. artikulua.- Honako liburu hauek osatzen dute taldearen dokumentazio- eta kontu-erregimena:

a. Bazkideen liburua: Pertsona fisikoen kasuan bertan jasoko dira izena eta bi abizenak, eta pertsona juridikoen kasuan horren izena. Jasota geratuko da, halaber, taldean sartu zen eguna eta baja eman zuen eguna, bai eta, kasua bada, betetzen dituen karguak ere, kargu horretara noiz heldu zen eta noiz utzi zituen adieraziz. Kirol taldearen gobernu- eta ordezkaritza-organoen kideen zerrenda eguneratu bat jasoko da ere.

b. Akten liburua: Bertan jasoko dira gobernu- eta ordezkaritza-organoen bileren aktak, Lehendakariak eta elkartearen egintzak ziurtatzeko ahalmena duen pertsonak edo karguak behar bezala sinatuta. Aktetan jasoko dira, gutxienez, bileraren eguna, ordua eta tokia, nortzuk joan ziren, harturiko erabakiak, bozketen emaitzak eta harturiko erabakien aurkako balizko boto partikularrak.

c. Kontabilitate liburua: Kirol taldearen ondarearen, emaitzaren eta finantza-egoeraren irudi zehatza islatuko du, bai eta egindako jarduerena ere, eta taldearen ondasunen inbentario bat eramanen du.

VI. TITULUA
EKONOMIA-ERREGIMENA

73. artikulua.- Taldea sortze-ondarerik gabe eratzen da.

74. artikulua.- Taldearen ekonomia baliabideak honako hauek izanen dira:

a. Batzar Nagusiak bazkide berriak sartzeagatik erabaki lituzkeen kuotak.

b. Batzar Nagusiak erabaki lituzkeen kuota periodikoak.

c. Batzar Nagusiak erabaki lituzkeen bazkideen bestelako ekarpenak.

d. Taldearen ondare osatzen duten ondasun eta eskubideen etekinak, bai eta legez jasotzen ahal dituen dirulaguntzak, legatuak eta dohaintzak.

e. Estatutuen helburuekin bat, Zuzendaritza Batzordeak erabaki lituzkeen legezko jardueren bidez eskuratzen ahal diren diren dirusarrerak.

75. artikulua.- Taldeak dituen ondasun, eskubide eta akzio guztiek osatzen dute taldearen ondarea. Hori guztia islaturiko geldituko da ekitaldi bakoitzeko inbentarioan.

76. artikulua.- Aurrekontua urtero eginen da, Zuzendaritza Batzordeari dagokio aurrekontua egitea eta Batzar Nagusiari hori onestea, bazter uztea edo aldatzea.

77. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeak Batzar Nagusian aurkeztuko du aurreko ekitaldiko likidazioa eta balantzea.

78. artikulua.- Batzar Nagusiak onetsi ondoren, urteko aurrekontua eta aurreko ekitaldiko likidazioa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraziko zaizkio.

79. artikulua.- Kirol taldeak ekonomia-jardueren bidez lorturiko etekin ekonomikoak taldearen helburuak lortzeko bideratu behar dira soil-soilik. Ezin izanen dira inolaz ere banatu bazkideen artean ezta horien ezkontideekin, antzeko afektibitate-harremana duten bizikideekin edo horien senideekin ere. Ezin izanen zaizkio doan laga ere irabazi asmoa duten pertsona fisikoei edo juridikoei.

VII. TITULUA
ZORRA EDO ONDASUNAREN GAINEKO KUOTA-PARTEA ORDEZKATZEN DUTEN TITULUAK JAULKITZEA

80. artikulua.- Taldeak zorra edo ondasunaren gaineko kuota-partea ordezkatzen duten tituluak jaulkitzen ahalko ditu. Tituluak izendunak izanen dira.

81. .artikulua.- Tituluak taldeak horretarako eramanen duen liburu batean jasoko dira, non transferentziak jasoko diren. Zor titulu guztietan informazio hau baino ez da agertuko: balio nominala, jaulkitze-data eta, kasua bada, interes- eta amortizazio-epea.

82. artikulua.- Bazkideek bakarrik sinatzen ahal dituzte zor tituluak, eta titulu horien jabe izateak ez du inolako eskubide berezirik ematen, indarreko legerian ezarritako interesak jasotzea baino.

83. artikulua.- Zorra edo ondasunaren gaineko kuota-partea ordezkatzen duten tituluak transferigarriak izanen dira, Batzar Nagusiak kasu bakoitzerako ezarriko dituen betebehar eta betekizunen arabera.

VIII. TITULUA
ONDASUN HIGIEZINAK ZERGAPETU ETA BESTERENTZEA,
ETA DIRUA MAILEGUAN HARTZEA

84. artikulua.- Taldeak bere ondasun higiezinak zergapetu eta besterentzen ahalko ditu, eta baita dirua maileguan hartu ere, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a. Eragiketa horiek Batzar Nagusi Bereziaren gehiengo absolutuak onartzea.

b. Horiekin entitatearen ondarea edo horren helburu soziala den kirol-jarduera ezin lehengoratuko moduan konprometituta gera ez dadin.

85. artikulua.- Aurreko artikuluko b) letran ezarritako baldintza betetzen dela ziurtatze aldera, irizpen ekonomiko-aktuariala edo kanpoko auditoria eskatzen ahalko dira, horrela eskatzen badu gutxienez Batzar Nagusiko kideen ehuneko 5ak.

IX. TITULUA
TALDEA DESEGITEA

86. artikulua.- Taldea deseginen da bazkideen borondatez, Kode Zibilaren 39. artikuluan xedaturiko arrazoien bidez eta epai judizial irmoaren bidez. Desegite hiru kasuetako lehenbizikoan beharrezkoa izanen da Batzar Nagusi Berezian —bertan izan nahiz ordezkatuak— dauden bazkideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa, baldin eta aldeko boto horiek gutxienez Batzar Nagusiaren legezko kide guztien gehiengo osoa suposatzen badute.

87. artikulua.- Batzar Nagusiak onetsitako desegite-kasuan, Batzar Nagusiak berak izendatuko du bost kidez osaturiko likidazio-batzorde bat, bere gain hartuko dituena gelditzen diren funtsak, halako moduz non, ordaintzeko betebeharrak ordaindu ondoren gerakina geratzen bada, kirol-jarduerak sustatzeko erabilia izan dadin.

X. TITULUA
ERANTZUKIZUNA

88. artikulua.- 1.- Kirol taldeek erantzuten dute beren betebeharrak betetzeaz beren oraingo eta geroko ondasun guztiekin.

2.- Bazkideek ez dute pertsonalki erantzunen kirol taldeen zorrengatik.

3.- Gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kide edo titularrek eta kirol taldeen izenean aritu eta kirol taldeak ordezkatu dituztenek organo horien aurrean erantzun beharko dute, bai eta bazkideen eta hirugarrenen aurrean ere, eragindako kalteengatik eta hartutako zorrengatik, doloz, erruz edo ardura gabe aritu izan badute.

4.- Aurreko artikuluak aipatzen dituen pertsonek zibil eta administratiboki erantzunen dute beren eginkizunen jardunean egindako egintzen eta ez-egintzengatik. Haiek bozkaturiko erabakiengatik erantzun beharko dute ere, hirugarrenen, taldearen eta bazkideen aurrean.

5.- Erantzukizuna ezin bazaio egotzi gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kideren edo titularraren bati, denek erantzun beharko dute solidarioki artikulu honetako 3. eta 4. apartatuek aipaturiko egite eta ez-egiteengatik, non eta kasuko pertsona horiek ez badute egiaztatzen erabaki horien onartze eta betetzean ez zutela parte hartu edo espresuki haien aurka bozkatu zutela.

6.- Erantzukizun penala lege penaletan xedatutakoaren mende egonen da.

Idazkaria
Eduardo Martínez Cotelo
Sinaturik

Lehendakariaren oniritziarekin
Iñaki De Santiago Segovia
Sinaturik